Arraunketak, eta bereziki tostako arraunketak, gure kulturan duen garrantzi berezia ikusirik (amaitu berri den traineru-denboraldia da horren lekuko), kirol-jarduera horretan euskararen erabilera nolabait sustatuko lukeen bitarteko bat eskaintzea bururatu zitzaion UZEIri. Lan exhaustiboegia izateko asmorik gabe, euskarazko terminoak zaleen eskueran jarriko lituzkeen bitarteko dibulgatiboa, erraz banatzeko modukoa.
Kontxako Bandera da, dudarik gabe, tostako arraunketako estropadarik garrantzitsuena eta zale gehien biltzen dituena. Beraz, pentsatu genuen huraxe zela ekimena aurrera eramateko agertokirik egokiena. KUTXAri, Kontxako Banderaren babesle ofizialari, gure ideiaren berri eman genion, eta erantzun ezin positiboagoa jaso genuen. Lankidetza honen emaitza duzue Tostako Arraunketaren Oinarrizko Lexikoa . Orri tolestu itxurako liburuxka bat da, eta milaka ale banatu dira Kontxako Banderaren hiru estropadetan eta KUTXAk bandera horren 125. urteurrena dela-eta egindako erakusketan.
100 kontzeptu inguru biltzen ditu lexikoak, euskaraz eta gaztelaniaz, eta hizkuntza bakoitzetik abiatutako zerrenda bana eskaintzen du, erabiltzaileak nahi duen hizkuntza erabil dezan kontsulta egiteko. Tostako arraunketan ohikoenak diren terminoak daude bertan: arraunlariak, ontziak, ontziaren zatiak, materiala, arraunketa-teknikak, ibilbideko elementuak, arautegiko kontzeptuak, eta abar.
Iker Etxebeste