The Oxford Guide to Practical Lexicography
B.T. Sue Atkins
Michel Rundell
Argitaratzailea: Oxford University Press. 540 orrialde.
Lexikografia deskribatzailearen ikuspuntutik idatzitako liburu honek gaur egun hiztegi bat nola egin erakutsi nahi digu. B.T. Sue Atkins eta Michel Rundell dira nagusiki praktikoa izan nahi duen liburu honen egileak; haien ustez, hiztegi bat sortzeko unean garrantzitsuena hiztegiaren erabiltzailea ezagutzea da. Era berean, argi azaltzen dute balizko erabiltzaile horrengana iristeko behar-beharrezkoak direla bai hizkuntza-teknologiak eta bai hizkuntzari buruzko teoria.
Hiztegiak nola egiten diren erakusteko, hiru atal bereizi dituzte liburuan zehar: aurrelexikografia, datuen azterketa eta sarreren konpilazioa.
Aurrelexikografiaren atalean, gai hauek jorratzen dira kapituluetan: hiztegi motak eta hiztegi-erabiltzaileak, ebidentzia lexikografikoa, metodoak eta baliabideak, teoria linguistikoak eta lexikografiak bat egiten dutenean, hiztegia planeatzea, sarrera planeatzea...
Datuen azterketaren sailean, berriz, hitzen adierak eta lexiko-unitateak lantzen dituzte.
Sarreren konpilazioari dagokionez, sarreren eraikuntzari buruz dihardute (elebakarra, itzulpenaren fasea, sarrera elebiduna....)
Corpusen gaiari ere zati handia eskaintzen zaio liburuan; abiapuntutzat corpus perfekturik ez dela existitzen aipatzen da, hizkuntza naturala askotarikoa eta dinamikoa baita. Bestalde, hainbat gomendio ematen dituzte hiztegi bat egiteko oinarri izango diren corpusetarako: lehenik eta behin, corpusei eman nahi zaien erabilera hartuko da kontuan; horrez gain, hitz-bolumen handiak eta kategoria zabalekoak dituztenak izango lirateke erabilgarrienak, kalitate handiko anotazio linguistiko eta testualarekin.