Nondik datorkigu sagardoa?
Zerbait komuna dute gure hizkuntzak eta "pirus malus" arbolak: ez dakigu non duten jatorria. Batzuek diote Caucasotik datorkigula euskara, eta baita ere, sagarra. Agian, (auskalo) gure arbasoek sagarra ekarri zuten beraien jatorrizko lekuetatik hizkuntzarekin batera! Egia esanda, sagar hitza bera ez dakigu nondik ote datorren, horregatik hitz-jolas dibertigarri batzuk egitera ausartzen naiz.
Sagar hitza aipatzen dudanean burura datorkit… sagar eta sugar, sugar eta sugaar… loturik doaz, zergatik ez? Eta sugea, sua, sagarra aipatzen badugu elkarrekin ez al zaizkigu gogora etortzen Eva eta Adan? Eta Evak Adani sagar bat eskaini ziola suge batek hala esanda? Adanek jaterakoan Jaungoikoa agertu zen eta kontrako zulotik sartu zitzaion; horregatik Iparraldean gorgoilari zintzur-sagarra edo "la pomme d’Adan" deitzen zaio? Ez al da hori bekatu orijinala eta horri esker, bataiatuak ez garenok, (eta gaiztakerietan aritzen direnak) infernuaren sugarretan pasako dugu ondorengo bizitza? Eta hitz-lotura honekin bukatzeko, sorginak, sutzarretan hiltzen zituztenak… zer edango ote zuten akelarreetan? Sagardoa?

Antton Olariagak hiztegi honetarako egin duen irudietako bat
Sagardoetxea Museoak lan ederra aurkezten dizue: Sagardoaren Hiztegia. Bertan hitz-bilduma aukeratu dugu, bost ataletan sailkatuak. Bost atal, gure sagar lorearen petaloetan oinarrituak. Lehenengo lau ataletan, izenburuetan azaltzen dizuegu, toki bat, gauza bat eta ekintza, sagargintza, sagardogintzaren pausoak jarraituz. Bukatzeko, gure Sagardoetxea Museoaren leloa dugu aztergai: Herri Baten Erroak. Lehenengoan, Sagastia, sagarra, biltzea, hurrengoa, Dolarea, Patsa Zanpatzea, hirugarrena, Upela, Muztioa, Irakitea, laugarrena, Ahoa, Sagardoa, Edatea eta azkenekoa Herri baten erroak.
Txotx!
Urkiri Salaberria
Sagardoetxea Museoa