MUNDUKO XVI. MASTER STADIA TXAPELKETA jokatu zen Donostian joan den
abuztuaren 22tik irailaren 3a arte. Hamabost egun horietan zehar, 35 urtetik
gorako 6.000 atleta aritu ziren elkarren lehian, eta horietatik ia 500 euskal
atletak ziren. Garrantzi handiko txapelketa izan zen eta bertan munduko errekor
ugari ondu ziren.
UZEIk ere nolabait parte hartu nahi izan zuen ekitaldi handi horretan, eta
Atletismoaren Oinarrizko Lexikoa izenekoa prestatu zuen bereziki
Beteranoen Txapelketarako, Kutxarekin lankidetzan. Guztira 177 termino ditu
oinarrizko lexikoak, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta
ingelesez. Lexikoaren milaka eta milaka ale banatu zituen Kutxak egun horietan.
Bertan egon ez zirenek edo ale bat eskuratzerik izan ez zutenek, hementxe dute
Atletismoaren Oinarrizko Lexikoa eskura.