Egileak:
Jacques Adda (egilea); Itzulpena: Koro Navarro
Argitaletxea: EHU, 2004
Orriak: 442
Liburu mamitsu eta iradokitzaile baten itzulpena kaleratu berri du EHUren Argitalpen Zerbitzuak, Euskara Errektoreordetzaren ekimenez eta Euskara Zerbitzuaren zuzendaritzapean: Jacques Adda-ren Ekonomiaren globalizazioa (frantsesez La mondialisation de l'économie , 2001ean argitaratua lehenengoz). Itzulpen-arloko 2003 urteko Euskadi Sariaren irabazleak, Koro Navarrok euskaratu du liburua.
1990eko hamarkadaren hasieratik gizarte-zientzietan eta batik bat ekonomiaren arloan geroz eta erabiliagoa izan den kontzeptu baten inguruan ardazten da liburua, globalizazio edo mundializazioarenean hain zuzen ere. Erabiliaren erabiliaz, eta termino askorekin gertatzen den bezala, globalizazioarenak galdu egin du zehaztasuna, eta lausotu egin da: hasiera batean nazioarteko ekonomiaren arloko zenbait fenomeno laburbiltzera mugatzen zen arren, esanahi eta adiera geroz eta zabalagoak (eta kontrajarriagoak) erantsi zaizkio denborarekin, eta beste arlo batzuetan erabiltzen hasi da, hala politikoan nola kulturarenean. Eta hauxe da, hain zuzen ere, liburu honen meritu nagusietako bat, globalizazio ekonomikoaren jatorria eta mugak birdefinitzearena, ikerketa eta iradokizun berrien abiapuntu bihurtzeko gaitasuna eskaintzen dion zerbait.
Liburua, euskarazko izenburuak ondo adierazten duen bezala, bi atal nagusitan banatzen da. Alde batetik, 'Sorrera', zeinetan globalizazioaren bilakaeraren ikuspegi historiko zabala eskaintzen baitzaigu, Erdi Arotik gaur egunera arte. Addarentzat globalizazioa, hein handi batean, sistema ekonomiko kapitalistaren mundu mailako nagusitze-prozesua denez gero, ekonomista gehienek baino atzerago jotzen du fenomenoaren sustraien bila, mundu-ekonomia europarraren sorrera prozesuraino alegia; ondoren, merkantilismoaren, Industria Iraultzaren eta inperialismoaren garaien ondorioak aztertzen ditu, ekonomiaren nazioartekotze-prozesuan. Azkeneko hogeita hamar urteetan jazotako aldaketei, dena dela, arreta berezia eskaintzen die Addak, hiru alorretan batik bat: ondasunen eta zerbitzuen nazioarteko merkataritzan, produkzioaren logiken aldaketan, eta finantza-merkatuen desarautzean.
Eta, beste aldetik, egungo egoera zein den aurkeztu ondoren, bigarren atalean ('Arazoak') horixe zehazten da: zeintzuk diren, mende berriaren hasieran, ekonomia-eredu horrek agerian eta ezkutuan uzten dituen kontraesanak. Nazioartean integrazio ekonomiko handiagoa bultzatu duen arren (nazioarteko ekoizpena, herrialde azpigaratu batzuen industrializazioa...), aldi berean baztertze-prozesuak areagotu egin dituelako globalizazioak, hala nazioarteko mailan (hierarkizazio ekonomikoa sakonduz, herrialde batzuk azpigarapenaren sorgin-gurpilean areago murgilduz), nola nazio mailan. Eta konkurrentzia handitu duen arren (finantza-merkatuen ezegonkortasunak argi eta garbi erakusten duen legez), lankidetza-esparruak garatu dituelako ere (eskualdeko multzoen eta alde askoko erakundeen sendotzeak argi uzten duen zerbait). Edonola ere, globalizazioaren ezaugarri kontraesanezkoak azpimarratzen dituen liburua da Addarena.
Globalizazioari buruzko lan askoren arazoa beren iraungitze-epe laburra da: oso fenomeno iraungikorrak aztertzen dituzte, eta egindako analisiak laster geratu ohi dira zaharkituta. Addak proposatutako ikuspegiarekin ados egon ala ez, ezin zaio bertute bat ukatu: perspektiba historiko zabala aukeratu izanak liburuaren iraunkortasuna bermatzen du, eta, ondorioz, globalizazioaren fenomenoa aztertzeko eta eztabaidatzeko abiapuntu bikaina eskaintzen digu.
Iban Zaldua